Martxoaren 24an, Errenteria eta Donostia lotuko dituzte 8.000 lagunek osatutako giza kate erraldoi batean, euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko. Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten “Ikastolak Herriari” egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.
Milaka gazte, nerabe eta herritarrek osatuko duten giza katea Errenteriako Gamon zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatuko da eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko.
Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak. Euskal Herri osoko ikastola ugaritako gazte eta nerabek osatuko dute, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte har dezaketen herritarren kopuruak ez dauka mugarik, eta euskaltzale guztiei bertaratzeko deia ere egin diete.
Goizeko 11etan emango zaio hasiera giza kateari eta 11:30ak arte iraungo du. Une horretarako, bost gune egokituta izango dituzte antolatzaileek, horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.
Euskara batua, herritik sortua eta continuum-aren garrantzia
Euskara Batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona zehatz oroituko ditu ekimenak (Behean, zerrenda). Baina, sustatzaileek azpimarratu duten moduan, «euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, eta horietako asko anonimoak dira. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez». Gainera, ez dago euskara batuaren sorrera adierazten duen historiako une bakarra. Aitzitik, une asko izan dira, zein baino zein beharrezkoagoa, eta horiek guztiek osatzen duten continuum-a da giza kateak irudikatu nahi duena.
Aldi berean, euskara batuak herriari eman dion guztia da ekitaldiak balioan jarri nahi duena. «Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez bagenu. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua».
Transmisioa, ekimenaren ardatz
Zentzu horretan, ikastolek euskara batuari zor diotena eta euskara batuak ikastolei zor diena izango dira «Batasunaren bidean» giza katearen oinarrietako bat. Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izango ditu protagonista. Horregatik, izaera koloretsu eta baikorra izango du ekimenak. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta beraren bilakaera adieraziko zaizkie.
Gainera, Euskaltzaindiak herritar guztientzako prestatu duen dokumentua (ohar honi atxikirik doa), «Euskararen Batasuna. Euskarazko hiztun elkartea trinkotzeko, bizirauteko eta garatzeko giltzarria» izenekoa, zabalduko da. Bertan, euskara batuaren sorreraren ibilbide historikoa ezaugarritzen duten gako nagusiak azaltzen ditu Euskaltzaindiak.
Bereziki aipatuko diren Euskara Batuaren sustatzaileen zerrenda
[1] Koldo Mitxelena [9] Luis Villasante
[2] Resurreccion Maria Azkue [10] Arantxa Urretabizkaia
[3] Pierre Broussain [11] Henrike Knörr
[4] Jose Maria Satrustegi [12] Arturo Campion
[5] Julia Berrojalbiz [13] Gabriel Aresti
[6] Xabier Kintana [14] Jean-Louis Davant
[7] Raimundo Olabide [15] Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi
[8] Julene Azpeitia
Arratsaldean, ekitaldi instituzionala
Egun berean, arratsaldeko 17:30ean, ekitaldi instituzionala egingo dute Errenteriako Udalaren Areto Nagusian. Bertan izango dira ekimenaren antolatzaileak, Ikastolak eta Euskaltzaindiko kideak, erakundeetako ordezkari eta hautetsiak eta Euskalgintzako eragileak. Giza katean bezala, arratsaldeko ekitaldian ere omenduko dira euskara batuaren sustatzaileak.
Egitaraua
- 10:45 Giza kateari hasiera emateko ekitaldia egingo da Agirre Lehendakaria plazan, Errenterian.
- 11:00-11:30 Giza katea osatuko dugu.
- 11:30-12:00 Parte-hartzaileak 5 bilguneetarantz mugituko dira.
- 12:00-12:30 Ekimenari amaiera emateko, giza kateko bidearen 5 guneetan ekitalditxoak egingo dira. Errenterian, Pasaian, eta Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Plaza Berrian.
- 15:00 Euskaltzaindiko kideek Orereta ikastola bisitatuko dute.
- 17:30 Ekitaldi instituzionala Errenteriako Udalaren Areto Nagusian.