Gaur aurkeztu dugu Baionan, 2027ko Herri Urrats eguna. Aurtengo lema "Xauri" (Etorri, zatoz) izango da eta Eider Eubak sortutako Eperra protagonista. Bertan jasotako dirua Donapaleuko Lizeo berria eraikitzeko erabiliko da.
Gaur aurkeztu dugu Baionan, 2027ko Herri Urrats eguna eta usaian bezala maiatzeko bigarren igandean ospatuko da, maiatzaren 9an Senpereko aintziran.
Xauri izango da 2027ko Herri Urratsen leloa. «Zatoz» edo «etorri» esan nahi du. Gonbidapen bat da; hurbiltzeko, parte hartzeko eta elkarrekin bizitzeko deia.
Xauri ikastolarat.
Xauri euskararat.
Xauri Herri Urratserat.
Xauri komunitaterat.
Xauri...
Hitz bakarrean, Herri Urratsen oinarrian dagoen elkartzeko eta parte hartzeko ideia biltzen ditu.
Xaurik Ipar euskal Herriko familia guztiei zuzendutako mezua ere izan nahi du, berain umeak ikastoletan ezartzeko.
Aurtengo iruditegia EIDER EIBAR marrazkilari bizkaitarrak landu du.
Bertan EPER bat irudikatzen da . EPERRAK gainera, HU txanoa darama jantzia.
Zergatik Eperra?
Eperra bera gaur egun desagertze bidean da Euskal Herrian kanpo faktoreengatik: Klima aldaketa eta Nekazaritza ereduaren aldaketagatik.
Euskararekin silogismoa egin daiteke, hau ere desagertze bidean baita eta hil ala biziko egoeran.
Horretaz gain luma bat ere agertzen da, luma horrek euskara irudikatzen du. Eperrak galdu behar ez duen luma.
Lauburua ere presente dago. Gure ikurren aldarrikapen bat egin nahi da honekin. Azken urteetan gure iruditegia folklorizatu eta turistifikatu egin dute, gure artean atxikimendua galdu arte. Erabilpen honekin gure ikurren apologia egin nahi dugu eta hauekin harro sentitzearen aldarrikapena.
Lema eta iruditegiarekin batera Herri Urrats aurretik burutuko diren ekimen batzuen berri ere eman dugu:
PEIO ETA PANTXOAREN KONTZERTUA
Pantxoa eta Peioren azken kontzertuetako bat Herri Urratsek antolatuko du. Kontzertua azaroaren 29an, igandea, arratsaldeko 16:30ean izango da Mauleko zineman. Peio eta pantxoaren Xiberoko azken dantzaren parte izan nahi dutenak fite ibili beharko dira sarrerak erosteko. Sarrerak salgai dira gure webgunean.
GO!AZEN 13
GO!AZENen hamahirugarren denboraldia dugu aurtengoa, eta 2027 ko urtarrilaren bukaeran edo otsailaren lehen astean bukatuko da, oraindik zehazteko dago. Bukatu bezperan azken atalaren aurre difusioa iraganen da aktoreen presentziarekin Herri Urratsen alde. Aurten ere Donibane Lohizuneko Le Sélect zine gelan ematen dugu hitzordua arratsaldeko 18:30etan.
MUSIKA MAKETA LEHIAKETA
Azken hiru urteetan izan duen arrakasta ikusita, aurten ere martxan jarriko dugu Berriarekin elkarlanean.
Orain arte 100 euskal taldetik gora parte hartu dute, eta aurten ere ekimena arrakastaz beteko dugunaren zantzuak ditugu.
Maketa lehiaketa euskaraz abesten duten talde guztiei zuzendua dago. Parte hartu nahi duten taldeek 3 abesti (Gehien jota) bidali beharko dituzte izen emate-orria erabiliz.
Lanak aurkezteko epea abenduaren 3an hasiko da eta urtarrilaren7ra arte bidali ahalko dira. Behin lan guztiak jasota Epaimahaia osatuko da eta otsailean aukeratutako 5 taldeen berri emango da. Ostean euskal jendarteak bozketa bidez erabakiko du nor den irabazlea. Irabazlearen saria, Herri Urrats egunean, Nafarroa gunean, Kontzertua jotzeko aukera.
Lehiaketa honen helburua euskal musika talde berriei aukerak irekitzea da.