HERRI URRATS 2021 aurkezpena

Ondarruko ikastolak 2011 urteko Ibilaldian jadanik erabili zuen lema berriz
hartuz, BOGA lema hautatu genuen elkarlana irudikatzeko.
Urtarrileko prentsaurrekoan aipatu genizuen BOGAk irudikatzen zuela ere
itsasoko ekaitza bizi izan genuela 2020 urtean, Herri Urrats ezin ospatuz
egoera sanitarioaren ondorioz.
Ekaitzaren ondotik lasaitzea datorrela erran genuen.
Baina pena handiarekin ikusten dugu 2021eko apirilan ekaitzaren erdian
segitzen dugula oraindik.
Egoera sanitarioak gora behera handiak izan ditu eta olatu guzi horien
artean arraun egitea, lan egitea, ez da batere errexa izan.
Prentsaurreko huntaz baliatu nahi dugu eskertzeko eta txalotzeko
ikastoletako Herri Urrats ordezkariak eta guraso guziak.
Zailtasun guzien gainetik, aintzina egiteko nahikeria ez zaielako sekula
itzali.
Pandemia ala ez, olatu ala ez, Seaskak bosgarren kolegioa behar du.
Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart, Kanboko Xalbador, Baionako
Estitxu Robles Arangiz eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak gainezka
dira. Ez da ikastola guzietako ikasleei harrera egiten ahalko 4 kolegio
horien artean. Bosgarrena beharrezkoa da.

Aurten ezin dugu betiko Herri Urrats ospatu. Aurten ezin ditugu 50 bat
mila pertsona elkartu Senpereko laku inguruan. Ezin dugu besta handi
bat egin.
Baina 30 Herri Urrats ttiki ospatzen ahal ditugu, herriz herri. Ez da betiko
Herri Urrats izanen, argi dugu. Baina euskararen eta ikastolen pesta
izanen da.
Ikastola bakoitzak antolatuko eta komunikatuko du bere egitaraua –
eskaintza.

 

Ikastola bakoitzak antolatuko du bere herriko egun sinbolikoa. Kontzertu
eta ostaturik ezin dela izan kondutan hartuz, batzuek ibilaldi, besteek
janari salmenta edo jantzi salmenta. Aurten forma ezberdineko 30 herri
urrats ezberdin izanen dira bainan Herri Urratsen betiko osagaiak hor
izanen dira: euskara, giroa, janaria eta dantza!