Skip to main content

Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia da. Urtero ospatzen da 1977az geroztik. Milaka eta milaka euskalzale biltzen dira urriko lehen igandean antolaketak prestatutako ibilbidea egin eta Gipuzkoako ikastolei bultzada emateko asmoz.

 

Ikastolen jaia

Ikastola proiektua ezagutarazteko, garatzeko eta dituen premiei erantzuteko ospatzen da.

Euskara eta euskal kultura

Euskaratik eta euskaraz sorturiko jaia da, eta euskararen erabilpena eta euskal kultura bultzatzen ditu. Euskararen eta euskal kulturaren plaza nagusi bat da.

Auzolana

Auzolana da jaiaren oinarria. Ikastola komunitatearen beste ikastolen eta herriko eta eskualdeko eragileen elkarlanari esker egiten da.

Parte-hartzailea

Adin guztietako pertsonei zuzendutako jai parte-hartzailea da. Parekidetasuna, jasangarritasuna eta inklusioa bultzatzen ditu.

Finantziazioa

Ikastolentzat estrategikoak diren ekimenen finantzazioa lortzeko bidea da.

Kilometroak 2023 - Helburuak eta zehar lerroak

Orereta Ikastola azken urteetan ahalegin handia egiten ari da Ikastola (ikastolak, oro har) guztiona eta guztiontzat dela erakusteko. Lan ildo horri jarraiki, jaiak aukera eman behar digu hezkuntza komunitateko kide guztien (gurasoak, langileak, ikasleak, ikasle ohiak, bazkideak) inplikazioa lortzeko. Elkarlana funtsezkoa izatea nahi dugu, elkarrekin erabaki, elkarrekin egin, elkarrekin ospatu. Bestela esanda, jaiaren bidez, komunitatea indartzea dugu helburu.

Herriko beste eragile batzuek ere Kilometroetan parte hartzea nahi dugu (horietako asko, gainera, Ikastolako ikasle ohi eta guraso ere badira). Herri bizia da Orereta-Errenteria, kultur ekimen handikoa, sormen handikoa. Herriko eragileekin eta banakakoekin lan eginez, herritarren parte hartzea eta Ikastolen proiektuarekiko atxikimendua sustatu nahi ditugu. Ikastola ere herri eragilea dela adierazi eta, bide batez, herriari eskerrak eman, urte hauetan guztietan Ikastolari eskaini dion babesagatik.

Hori guztia euskaratik eta euskaraz egin nahi da. Herriko gainontzeko kultura eta hizkuntzei irekita, euskara eta euskal kulturatik abiatuta.

Komunitatea

Elkartzen gaituenean azpimarra jarriz

Eskertza

Zer izan garen gogoratuz, zer garen konturatuz eta zer izan nahi dugun irudikatuz.

Euskara eta euskal kultura

euskara eta euskal kulturatik abiatuz, herriko gainontzeko kultura eta hizkuntzei irekita.

Etekinak: zeri ekarpena?

Kilometroak jaiari esker lortuko dugun etekin ekonomikoa inbertitzeko irizpideak Ikastola Ereduaren ezaugarri eta baloreen, eta Kilometroak ekimenari berari jarri dizkiogun helburuen baitakoak dira. Horiekin denekin egiten dute bat. Zehazki, xede hauetara bideratu nahi dugu dirua:

1. Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzera.

Urteetan, Ikastolak elkarlanean aritu izan dira eta elkarlan horrek Ikastolen mugimendu bizia sortu du, euskararen lurralde osoa, Euskal Herri osoa, barne hartzen duena. Ikastola guztiak ez gaude egoera berean, ordea. Une honetan, Iparraldeko eta Nafarroako Ikastolek guk baino egoera larriagoa bizi dute eta horiei laguntzera bideratuko dugu diruaren zati bat, elkartasuna baita Ikastolen oinarrietako bat. 

Orereta Ikastolak harreman estua du Hendaia, Biriatu, Urruña eta ZIburuko ikastolekin, Zubiak Eraikiz egitasmoari esker; baita Lesakako eta Berako ikastolekin ere. Egitasmo hori sendotu nahi dugu, Ikastola horietako gazteak elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiteko. 

2. Euskarari lotuta, herrian egun dugun erronka bati erantzutera

Kilometroak jaiak gure herriari zerbait uztea nahi dugu, jaia ez dugu Ikastolarentzat bakarrik egin nahi, herriarentzat eta herriarekin egin nahi dugu. 

Orereta Ikastola herri eragilea da, euskara eta euskal kultura ardatz dituena. Esparru horretan egin du bere ekarpena, 60 urte hauetan. Horregatik, herriko beste eragile batzuekin batera (Udala, ikastetxeak, Lau Haizetara euskara elkartea, Badalab…) euskararen eta euskal kulturaren inguruan ikusten dugun hutsune bati erantzuteko proiektu bat elkarrekin erabaki eta aurrera eramateko baliabideak jarri nahi ditugu (gazteen euskara erabilerari lotuta, etorri berriak euskara eta euskal kulturara hurbiltzeari lotuta…).

3. Añabitarte ingurua eta Baserria egokitu eta berritzera

Gure Ikastolarako ere utziko dugu diruaren zati bat, gure komunitatea osatzen dugun guztiontzat erreferentzia den gune bat berritu eta egokitzeko: Añabitarte eta Baserria. Añabitarte eremu berezia da Ikastolako Ikastolakide denontzat, eta Baserria, urte hauetan guztietan zutik iraun duen ikurra, gure historiarekin lotzen gaituena. Añabitarte eta Baserria Ikastolako komunitatearen topagune indartsuak izatea nahi dugu, gure komunitatea trinkotzeko bitarteko aproposak.