Helburuak

Aurten, Herri Urrats Xiberotar eta Baxenafartar ikasleak biltzen dituen Manex Erdozainzi Etxart Kolegioaren alde (MEEK) izanen da. Ipar Euskal Herriko barnekaldea husten ari den bitartean, 11 eta 14 urte bitarteko gazteak biltzen dituen Kolegioa garapen betean da. Xiberoako eta Baxenafarroaren etorkizuna dira aurten MEEKen diren 190 ikasleak.

 

Manex Erdozainzi Etxart Kolegioa

1999 urtean Baxe Nafarroko olerkari ospetsu baten izeneko ikastetxea sortu zutelarik, Donaixtiko herrian kokatu zuten, Xiberoko Ozkaxeko lepoko bidean dagoen azken Nafartar herrian. Hastapenetik, Seaskako Kolegioak geografikoki ere bi probintzien arteko zubi kulturala izanen zela azpimarratzen zuen.

Bainan garai horietan kurtsoak egiteko erabiltzen ziren udako zentroaren gelak laster sobera txikiak geratu ziren eta 2007 urtean eskualdeko buraso, ikasle eta euskalzale lagun guziak elkartu ziren « Pagatxa » kanpainaren karietan, Lartzabale herrian ikastetxe berri baten eraikiarazteko.

Geroztik, egoitza berrietan kokatu den kolegioaren kopuruak etengabe igo dira eta gaur egun eraikinak sobera hertsiak dira, geroz eta ikasle gehiagoren aterbetzeko. Iaz 158 ikasle ziren, aurten 190 eta heldu den urtean 220etik goiti !

Larzabalen kokatua den kolegioak Aloze, Sohüta, Amikuze, Oztibarre, Garazi, Azkarate, Baigorri eta Ortzaizeko lehen hezkuntzako ikastoletatik heldu diren ikasleak eskolatzen ditu bigarren hezkuntzan. Kolegioan 4 urte pasatu ondoren, Baionako Etxepare lizeora joaten dira ikasleak.

Azken urteotan lehen mailetan ukan dugun uhaina kolegioetara heltzen ari da. Xalbador handitu ondoren, aurten Baionan kolegio berria ideki dugu. Baina uhain hori barnekalderaino heldu da, eta Larzabalen dugun Kolegioa ere handitu beharrean gara.

Lau ikasgela eskas dituzte MEEKn: 2 kurtso gela, laborategi bat eta bertze gela bat ahalmen urriko ikasleen segipena segurtatzen duen IEParendako (« inklusiorako egitura pedagogikoa »)

  

 

 

  

 

 

 

Azken hitza, ikastetxearen arduradunei utz diezaiegun :

“Gure Kolegioa, bere hizkuntz eta kokapen berezitasunarekin etengabeko desafioan da:

- Ikasketa eta harreman hizkuntza euskara duen kolegio bakarra da Barnekaldean.

- Hizkuntz-aniztasunaren Europaren baitan, gure ikastetxeak Euskarari emaiten dio berezko erakaskuntza-hizkuntza estatu bat. Hari beretik, gure herriaren ondare kulturalaren eta nortasunaren hedatzean parte hartzen du.”